Plagioa
Zer da Plagioa?
Euskaltzaindiaren arabera, plagioa da besterenak diren obren kopia edo imitazioa, norberak eginak balira bezala azaltzeko egiten dena.
Alor akademikoan, plagioa da inoren hitzak edo ideiak norberarenak izango balira bezala erabiltzea. Iruzurra egiteko eratzat eta praktika txartzat hartzen da, zalantzan jartzen baitu zuzentasun eta zintzotasun akademikoa.
Lan zientifiko eta akademiko orotan ezinbestekoa da lana egiteko erabilitako iturriak aipatzea, horrela beste pertsona batzuen lana eta egiletza aitortzen baita. Aitorpen hori ez egitea -nahita edo nahi gabe- bidegabeki inoren lanaren jabe egitea da, alegia, plagioa egitea.
Gogora ezazu plagioa ez dela bakarrik idatzizko lanetara mugatzen, edozein eratako obrak kopiatzeaz ari baikara. Inoren edozein informazio, izan testua, izan irudiak, grafikoak, bideoak edo izan edozein formatutan dagoen beste edozein informazio (inprimatua, digitala, Internetekoa...) erabiltzen duzun aldiro, jatorrizko iturria zein den eta nork sortu duen adierazi behar duzu.
Zergatik ez duzu plagiorik egin behar?
Plagioa egitea ez delako ez etikoa ez legezkoa.
Plagiatzea ez da etikoa, besteren lanaz baliatzea baita. Gainera, ez da legezkoa ere, jabetza intelektuala babesten duten arau batzuen aurkakoa baita.
Gogora ezazu plagiatzea delitutzat jotzen dela eta Zigor Kodean zigortuta dagoela, irabazi asmoz egiten bada eta hirugarrenak kaltetzen baditu.
Nola saihestu plagioa?
Plagioa ekiditeko, garrantzitsua da zorrotz jokatzea inoren edukiak erabiltzeko orduan. Plagiorik ez egiteko onena zera da: edukiak aipatzea eta horien erreferentzia egitea.
Plagioa saihesteko era bat da zurea izan gabe hitzez hitz erabili duzun testua komatxo artean jartzea, dagokion aipamenarekin; hau da, erreferentzia laburra egitea egilearen inguruan, eta nondik hartu duzun adieraztea.
Plagioa ekiditeko beste era bat parafraseatzea da, hots, beste pertsona baten ideiak eta kontzeptuak gure hitzez azaltzea. Plagioan erori gabe parafraseatzeko, jatorrizkoa beste era batera idatzi behar da, eta ez bakarrik jatorrizko hitzen lekuan sinonimoak sartuz. Parafraseatzean, testua ez da komatxo artean jarri behar, jatorrizkoa eraldatu egiten baita, baina beti aipatu behar dira parafraseatutako ideia edo kontzeptuaren iturria eta egilea. Horrela ez badugu egiten plagioa da.
Inoren obrak erabili nahi badituzu, lege esparruaren barruan egin behar duzu beti. Gogoratu Jabetza Intelektualaren Legeak onartu egiten duela:
- Jabari publikoko materialak erabiltzea, baldin eta egilea eta jatorrizko iturria aipatzen badituzu.
- Lizentzia libreen pean sortutako obrak erabiltzea, baldin eta dagokion lizentziaren baldintzak betetzen badituzu eta egilea nor den aipatzen baduzu.
- Dagoeneko argitaraturik eta zabaldurik dauden inoren obren zati txikiak zure obretan txertatzea, egileen nahiz eskubideen titularren baimena lortu behar izan gabe, baldin eta aipamen moduan edo analisi, iruzkin edo iritzi kritiko bat egiteko txertatzen badituzu, xede akademikorako edo ikerketarako bada eta egilea zein iturria behar bezala adierazten badituzu.
Plagioaren kontrako tresnak
Gaur egun badaude plagioa detektatzeko balio duten programa automatikoak. Informazio iturri desberdinak analizatuz funtzionatzen dute, eta plagioa non egin den aurkitzen dute. Hauxe da ezagunenetako bat: Turnitin.
Google eta Google Scholar bera ere oso baliagarriak izan daitezke plagioa detektatzeko: komatxo arteko esaldiak topa ditzakezu, argitaratutako obraren batetik ebaki eta itsatsi diren jakiteko. Badira asko erabiltzen diren beste tresna libre batzuk ere, hala nola The Plagiarism Detector, Googlen testu blokeak bilatzeko aukera ematen dutenak.
Unibertsitate askok, gainera, plagioaren aurkako protokolo zorrotzak dauzkate, unibertsitate lan guztiek bete beharrekoak.
Laguntza edo informazio gehiago behar baduzu, jarri harremanetan zure Bibliotekarekin.