Zientzia eta Sarbide Irekia
Zer da Zientzia Irekia
Ezagutza zientifikoa zabaltzeko mugimendu bat da, batez ere funts publikoekin finantzatutakoa, ahalik eta modu zabalenean, librea, linean eskuragarria eta berrerabilgarria.
Helburua da ikertzailea, zaletua edo profesionala den edonork ikerketa zientifiko osora iristea, ez bakarrik argitalpenetara, baita erabilitako metodo, datu, tresna edo softwareetara ere.
Zientzia Irekia tresna eta lan kooperatibo irekietan eta ezagutzaren hedapenean oinarritutako prozesu zientifiko oro da.
Hemendik hartutako definizioa: Guía del Participante Horizonte Europa. Ministerio de Ciencia e Innovación CDTI, E.P.E. y Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT), 2022, p. 80. CC-BY-NC-ND.
Zientzia irekiaren dimentsioak
Sei dira Zientzia Irekiaren dimentsioak:
- Ikerketa-emaitzetara sarbide irekia: funts publikoekin finantzatutako ikerketa guztia gizartearen eskura jartzea, haren ikusgarritasuna eta hedapena handitzea eta ezagutzaren transferentzia hobetzea.
- Datu, protokolo eta metodologia irekiak: ikerketa-komunitatearen eskura jartzea informazio-iturri berriak, analisien errepikagarritasuna ahalbidetzea, emaitzen ulermena eta irismena hobetzea eta datuak berrerabiliz aurkikuntzak bizkortzen laguntzea.
- Kode irekiko plataformak: informazio zientifikoaren edukia duten datu-baseen kudeaketa eta sarbidea demokratizatzea, eta I+G+B sistema publikoen euskarri diren azpiegitura digitalen jasangarritasuna bermatzea.
- Parekoen berrikuspen irekia: berrikuspenei zehaztasun zientifiko handiagoa ematea eta parte hartzen duten aldeen gardentasuna eta kontu-ematea bermatzea.
- Herritarren zientzia: gizartearen parte-hartzea sustatzea ikerketa-jardueraren fase guztietan, emaitza zientifikoak herritarrei hurbiltzea eta gizartea inplikatzea ikerketaren diseinuan, datu-bilketan eta ezagutzaren sorreran.
- Ikerketaren errendimendua neurtzeko modu berriak: ikertzaileen artean zientzia irekiko praktikak sustatzeko pizgarriak eta zientzia-merezimendua aintzatesteko mekanismoak izatea.
Zientzia Irekiaren onurak
Zientzia irekiak gardentasuna areagotzen laguntzen du, eta parte-hartzea, lankidetza, kontu-ematea, ikerlana berrerabiltzeko gaitasuna, eragina eta emaitzen errepikagarritasuna sustatzen ditu.
Era berean, I+G+B sistemen demokratizazioa eta jasangarritasuna bultzatzen ditu, eta ikerketa-taldeetan profilen dibertsifikazioa sustatzen du, bai eta ikerketa-prozesuaren ziklo osoan eragile ez-akademikoak sartzea ere, proiektuaren diseinutik hasi eta ebaluazioraino.
Hemendik jasotako informazioa: Estrategia Nacional de Ciencia Abierta (ENCA) 2023-2027. Ministerio de Ciencia e Innovación. Secretaría General Técnica del Ministerio de Ciencia e Innovación, 2023. CC BY-NC-SA
Mondragon Unibertsitateko Bibliotekak Zientzia Irekiari buruzko gida hauek sortu ditu:
Nola argitaratu Sarbide Irekian: jarraitu Zientzia Irekiaren printzipioak
Ikerketa-datuak irekian eta nola egin zure datuak kudeatzeko plana